DEBAko UDAL BULETINA | BOLETÍN MUNICIPAL de DEBA MAIATZAK 8 | 8 de MAYO
 
Debako Udal buletina
 
 
 
 
DEBA- ITZIARKO MERKATARIEN MEZUA: ZAINDU MAITE DUZUN HORI
 
Bertakoa eta bertan kontsumitzera, elkarren artean gure udalerria osatzera dei egin dute aste honetan Debako eta Itziarko merkatariek, “herri bizi bat denon artean egiten delako”. Debako udalak sustatuta, eta Debalai merkatarien elkartearekin eta Itziarko Auzo Udalarekin elkarlanean bideo batean jaso da merkatarien mezua. Debako udala merkatari, ostalari eta enpresa txikiak laguntzeko egiten ari den lanaren baitan kokatzen da ekimena. Aurreko astean esan bezala, halaber, www.kuttuna.org ekimenaren bitartez laguntza bonoetarako 20.000 euro bideratu dira. Jada Debako 30 saltoki ari dira ekimenean parte hartzen. Lagundu nahi izatekotan, erosi bonoa.
 
Ikusi bideoa irudian sakatuta
 
 
 
EGUNGO EGOERARI ERANTZUTEKO AURREKONTUAK ONARTU DITU DEBAKO UDALBATZAK
 
Apirilaren 30ean, telematikoki egindako osoko bilkuran onartu ditu 2020rako aurrekontuak Debako udalak. COVID-19ak eragindako egoerara moldatutako aurrekontuak dira; pandemiak egoera zaurgarrian eta laguntza beharrean utziko dituen herritarren zama arintzeko bideratuko dira indarrak. EH Bildu eta EAJ-PNVren aldeko botoekin eta Debarren Ahotsaren abstentzioarekin onartu dira. Modu telematikoan egindako osoko bilkuran landutako gainontzeko gai guztiak gehiengo osoz onartu dira.
 
Osoko bilkura telematikoaren bideoa ikusteko sakatu irudia 
 
Irakurri gehiago
 
PLAN INTEGRALA EGITEN HASI DA DEBAKO GOBERNU TALDEA
 
COVID-19ak eragindako alarma egoeraren fase berrian sartzear, pandemiak eragindako egoeraren etorkizuneko egoera kudeatzen ari da udal gobernua. Deba Biziberritzeko Plan Integrala landuko da, osasunaz haragoko arloak ere barnebilduko dituena eta herriko eragileekin batera osatuko dena. Datozen egunotan emango dituzte azalpenak gobernu taldeko kideek.
EKAINEAN ABIATUKO DA TAO SISTEMA NAFARROA PLAZAN
 
Nafarroa plazako TAO sistema ekainaren 1etik irailaren 15era arte egongo da indarrean, egunero. Aurreko urteetan, maiatzeko asteburuetan hasi izan bada ere, egungo egoera berezia aintzat hartuta, maiatzean ez da, eremu horretan, ibilgailuak aparkatzeagatik TAOa kobratuko. Berritasun bat ere egongo da aurten, izan ere, kreditu txartel bidez ordaintzeko aukera egongo da, horretarako, argazkian ikusten den makina eredua jarriko da.
 
 
MASKARAK BANATU DIRA
 
Deba-Itziar jostun taldeak egindako maskara berrerabilgarriak banatu ziren joan den ostiral eta larunbatean, nola Deban hala Itziarren. 28 jostunek osatutako boluntario taldeak egindako maskarak dira, 900 banatu dira, doan, herritarren artean.
 
KZGUNEA ZUZENEKO HITZALDIAK ESKAINTZEN ARI DA
 
Maiatzean Youtube-ko kanalaren bidez zuzeneko hitzaldiak eskainiko ditu Kzguneak. Goizez eta arratsaldez eskainiko dira hitzaldiok, eta ez da aurretik izenik eman behar. Datorren asteko eskaintza:
 
  • Maiatzak 12, 18:00-20:00 / Gaztelania: Heziketa eta segurtasuna Interneten.
  • Maiatzak 14, 11:00-13:00 / Gaztelania: Zure ordenagailua birus eta bestelako mehatxuetatik babestu.
 
 
Irakurri gehiago
DEBEGESAK AUTONOMO ETA ENPRESENTZAKO LAGUNTZA ZERBITZUA ESKAINTZEN DU
 
Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkarteak autonomoei eta enpresei bideratutako laguntza zerbitzua eskaintzen du. Osasun alarma egoeraren ondorioz hainbat gai kudeatzeko laguntza eskaintzen du.
 
 
DEBAKO UDALA
Portu kalea, 1
+34 943 19 28 40
20820 Deba
Facebook
Twitter
Instagram
YouTube
 
 

Mezu hau honako helbideari bidali zaio turismoa@deba.eus

Email hau jaso duzu Debako udalaren inguruko informazioa jasotzea eskatu duzulako

 
 
© 2020 DEBAKO UDALA